XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txingarrek salatzen bazituen?

Isaac-en aita edo ikulua zaintzen zuen morroia, edo neskame bat izango zelakoan zeuden, baina ez zen horrela; itzaletan arakatuz Isaac-en aurpegia ikusi zutenean, bularrean zuten izu-korapiloa askatu zitzaien.

- Txist, Isaac, gu gaituk -xuxurlatu zioten lastotegitik irten gabe.

Isaac-ek, harriturik, ez zuen deus ulertzen, eta haren zeinuak fantasmak ikusi izan balitu bezalakoak ziren.

Ahopetik egin zuen barre Fernandok.

- Baina zer egiten duzue goizeko ordu hauetan?

- Goazen azkar; gertatzen denaren berri emango diagu korrika goazen bitartean.

Jantzi zerbait gainean eta azkar, ze berehala argituko dik-eta.

Goazen arin, Isaac.

Azkenean ulertu zuen Isaac-ek zer gertatzen ari zen, eta berehala abiatu zen presaka mendi aldera.

Fernando eta Joanes nor bere etxera joan ziren, ez baitzen komenigarri ordu haietan errondan inork aurkitzea karriketan.

Gainera, gorputzari eman nahi zioten atseden piska bat, astindua baitzuten.

- Irinezkoak dituk nire hezurrak -esan zuen Fernandok.

- Nireak koipezkoak, eta adimena ur hotzezkoa -gaineratu zuen Joanesek, erretiratu zirenean.

Baina ez zen iritsi nahi zuten atsedena.

Eta ametsa estalki bat besterik ez zen izan, zenbait minututan beren betazalen engainagarri.

Zeren berehala iritsi baitzen Isaac bataren eta bestearen etxera.